XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehen errege euskaldunak

Eneko Aritza

Eneko Ximenez Aritza 824. urtean izendatu zuten errege.

Urte horretan bertan, eta Orreagan berriro ere, frankoen armada handiari izugarrizko astindua eman zioten euskaldunek.

Errege, indarrak batzeko

Frankoak iparraldetik eta musulmanak hegoaldetik, Euskal Herriak etsai ugari zituen IX. mendean.

Etsai hauen erasoaldiak geldiarazteko, elkartzea beharrezko zela ikusi zuten garai hartako euskaldunek.

Iruñeko eta Pirineotako euskaldunen taldeak elkartu egin ziren eta Eneko Aritza izendatu zuten buruzagi, errege, errege, errege! oihukatuz.

Errege kristaua

Erlijio kristaua, euskaldunen artean oso zabaldurik ez egon arren, gero eta garrantzi handiagoa hartzen joan zen Iruñea inguruan.

Eneko Aritza kristaua zen, eta honek eragin handia izan zuen: kristautasuna euskal lurraldeetan barrena sartuz joan zen pixkanaka-pixkanaka.

Euskaldunen errege

Eneko Aritzaren Erresuma Iruñea inguruko lurraldeek osatzen zuten.

Baina, urteetan zehar handituz joan zen eta bere ondorengoen lanari esker, euskal lurralde guztiak batu ziren Nafarroako Erresuman 1004. urtean.

Horregatik, Eneko Aritza, ezizenez Baskoia, lehen euskal erregea izan zela esan ohi da, ez Iruñekoa, edo Nafarroakoa bakarrik.